XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Formazko berdintasuna erabiltzen duen itzulpen sistemak jatorrizko testuari begiratzen dio, batez ere, eta harekiko leial jokatzeari.

Bere helburu guztia, testu hori hizkuntza berri batean ematea da, jatorrizko hizkuntzaren formak errespetatuz.

Alderantziz, itzulpen teknika berriak, jatorrizko testuari zor zaion leialtasunaz gainera, irakurlea du begien aurrean; irakurlearen hizkuntz sistemari ere leialtasuna zor zaiola ikusten du.

Bi begirapuntu ditu, beraz, leialtasunak.

Bikoitza da leialtasunaren arazoa.

Jatorrizko hizkuntzak irakurtzeko gauza ez den irakurleari hurbildu egiten dio idazkia, haren hizkuntzara itzuliz.

Eta hori egiterakoan, gaurko irakurleari edota entzuleari ulergarri izan dakion lortu nahi du, jatorrizko irakurlearentzat ulergarri izan zitekeen neurrian; eta gainera, gaurko irakurlearengan sentipen eta jarrera berdintsuak sortu nahi lituzke.

Euskal Elizbarruti arteko Itun Berriaren itzulpenean, batez ere azken aldera eta gehiago, itzulpenaren berdintasun dinamikoaren bideari jarraitu nahi izan zaio.

Hala ere, ez du horrek esan nahi, teknika berri hau oso-osorik eta jakintsuen mailan erabilia izan denik.

Are gutxiago esan nahi da, Itun Berriaren itzulpen honekin azken hitza esana geratu denik.

Itzulpen teknika berriak zabaldu dituen bideetan abiatu izan arren batzutan senaren edo intuizioaren eraginez, beste askotan gaurregun gure inguruko hizkuntzatan eskura dauden zenbait itzulpenen laguntzaz, edonork ikus dezake bide luzea dagoela oraindik.

Lan guztiek, eginak izan diren garaiko ezaugarriak izan ohi dituzte; eta Itun Berri hau ere hala izango da, bere alderdi on, akats eta guzti.

Hitz gutxitan laburbilduz esango genuke, hauek direla Itun Berri honen bereizgarririk aipagarrienak: - Itzulpen gaurkotua dugu, herriarentzat egina hau da: herri mailako euskara erabiliz eta jendaurrean irakurtzeko.

Bi alderdi hauek mugatzen dute, nolabait, Itun Berriaren liburu honetan darabilen euskararen duintasuna, (...).